XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ba da dudarik halaz guztiz ere zenbait leku izenekin: jakin dugunez, dokumentu zaharretan zenbait aldiz Azpeitia Azkoitia agertzen ba da ere, bestetan Azkoiti Azpeiti agertzen baita.

Halere, ez dugu uste Larraitze Auritze Ustaritze Biarritze Azkaine eta abar danik, Larraitz Auritz Ustaritz eta abar baiño.

Ba dirudi ez gerala konturatu ere egin, euskerak ba duela singularraz eta pluralaz gaiñera, besterik: indeterminadoa da, indefinidoa.

Mendia determinado singularra bada ere, mendiak plurala da, eta mendi ez singularra eta ez plurala: indeterminadoa.

Zorigaitzez, gure indeterminadoaz gramatikalari gehiegi ahaztu zaigu.

Lafitte-ren gramatikak deklinazio berezi eta osoa duen numeroa bat bezala dakar bere gramatika ederrean.

Azkue-k ere ba dakar bere Morfologia-n.

Indeterminazioari buruz mintzatzen dalarik, ederki dio Txillardegi-k: Eta lehenengo bolada batean hizkuntzaren soiñekoari begiratu diogu, hiztegia ikusiz.

Zalantzarik gabe badago hiztegian erdalkeriarik asko.

Baiña ba da ere akats sakonagorik: indeterminazioaren galtzea dugu bereizkuntza jator eta sakon horietako bat.

Azter dezagun indeterminazioa piska bat.

Bi etsenplu emango ditugu Txillardegi-renak biak: 1) Pedro-ren etxea erre da.

Hitzegiten ari diranek badakite zein etxe den Pedro-rena.

Bestela ezin esan etxea.

Eman dezagun Pedro horrek badituela hiru etxe: Donostia-n bat, Eibar-en beste bat, eta Zumarraga-n beste bat.

Orduan esakun hori entzuten dutenek, nahi eta nahi ez, hau galdetuko dute: Zein etxe erre ote zaio?.

Alegia hiruetatik zein? Hiru dituelako, eztakite zein den.

Zein etxe den eztakitelako, hain zuzen, zein etxe galdetu dute; ez, zein etxea, edo zein etxeak.

Pedro horrek etxe bakar bat balu, ordea, edo bizi dan etxeaz ari balira hizketan, orduan entzuleak balekike ongi: etxea erre zaio; alegia, guziok ezagutzen dugun etxe hura.

2) Pedro-ren etxeak erre dira.

Hitzegiten ari diranek badakite ere zein etxe: hain zuzen ere denak erre zaizkio.

Zazpi etxe baldin bazituen, zazpiak; hiru baldin bazituen, hirurak.

Baiña Pedro horrek sei etxe baldin balitu, eta lau erre bazaizkio ezin diteke esan: Pedro-ren etxeak erre dira, Pedro-ren zenbait etxe edo Pedro-ren etxe batzuk edo Pedro-ren lau etxe baizik; seietarik zein lau diran ezpaitakigu.